Eduki publikatzailea

NEKAZARITZA ERRONKA – BASO-SUTEAK:

Nola erabil genezake teknologia baso-suteei emandako erantzuna lur gainean bertan koordinatzeko, talde eta operatiboen arteko komunikazioa erraztuz, jarduketak mapan hobeto planifikatuz eta erabakiak azkarrago eta seguruago hartuz?

TESTUINGURUA ETA AURREKARIAK


Baso-suteak gero eta arazo handiagoa dira Lurraldean: gero eta maizago gertatzen dira, eta gero eta konplexuagoak dira. Horrelako larrialdi batean talde eta profil oso desberdinek hartzen dute parte: foru-suhiltzaileek, basozainek, Nekazaritza Zuzendaritzako langile tekniko eta operatiboek, aireko baliabideek eta, egoerak hala eskatzen duenean, lankidetza-hitzarmenak dituzten beste lurralde batzuetako itzaltze-zerbitzuek. Guztira, 70 eta 80 pertsona artean koordinatu behar izan daitezke lur gainean. Egoera horretan, taldeen arteko koordinazioa eta komunikazioa erabakigarriak dira: erantzuteko denbora funtsezkoa da, eta erabaki bakoitza informazio fidagarri eta eguneratuarekin hartu behar da.

2026ko uda bereziki gogorra izan da: Araban ia 300 hektarea baso erre dira, eta sute batzuetan hainbat egunez aritu behar izan da lanean, kanpoko baliabideen laguntzarekin. 

Gaur egun, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak (aurrerantzean, AFA) Arabako baso-azalerei buruzko informazio geografikoa du, bai berea, bai iturri publikoetatik jasotakoa. Hala ere, informazio hori hainbat iturritan sakabanatuta dago, eta ez zaie beti azkar eta modu partekatuan iristen lur gainean diharduten talde guztiei, batez ere estaldura gutxi edo batere ez duten eremuetan. Horren ondorioz, zaila da larrialdiaren ikuspegi komun bat izatea eta mobilizatutako baliabideak non dauden jakitea.

Horregatik, AFAk irtenbide integral bat bilatzen du: larrialdia kudeatzeko behar den informazioa ingurune bakarrean bilduko duena eta aukera emango duena zabaldutako taldeak une oro non dauden jakiteko, jarduketa irudikatzen duten lerroak eta poligonoak mapan marrazteko eta, azken batean, larrialdia lur gainetik bertatik koordinatzeko. Helburua operatiboen arteko komunikazioa eta koordinazioa erraztea da, erantzunean eraginkortasuna eta arintasuna irabaztea eta operazioen segurtasuna indartzea.

Erronka honen bidez, teknologia-irtenbide berritzaile bat pilotatuko da 5 hilabetez, eremu operatibo mugatu batean, gaur egun erabiltzen diren sistema korporatiboetatik bereizita.

 

 

HELBURU ESPEZIFIKOAK


  • Koordinazioa eta komunikazioa hobetzea baso-sute batean parte hartzen duten talde eta operatibo guztien artean, kanpoko baliabideak barne.
  • Erabakiak azkarrago hartzea eta erantzuteko denbora laburtzea, larrialdiaren eta zabaldutako baliabideen ikuspegi komun eta eguneratua une oro izanda.
  • Segurtasuna indartzea lur gainean parte hartzen duten pertsonentzat.
  • Larrialdia lur gainetik bertatik koordinatzea, konektibitatearen edo postu finko baten mende egon gabe.
  • Esku-hartze bakoitzean sortutako informazioa aprobetxatzea, ondoren aztertzeko eta etorkizuneko jarduketak hobetzeko.

 

 

IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK. ZER EGIN BEHAR DU IRETENBIDEAK?


  • Lur gainean dauden erabiltzaileak denbora errealean geokokatzeko aukera ematea.
  • Gailu mugikorretatik erabiltzeko modukoa izatea eta online zein offline funtzionatzea, estaldura gutxi edo batere ez duten eremuetan ere lan egin ahal izateko.
  • Maila anitzeko erabiltzaile-sistema bat izatea, superadministratzaile-profil batek kudeatua, baimen desberdinak esleitu ahal izateko eta operatiboei eta kanpoko baliabideei (adibidez, beste lurralde edo autonomia-erkidego batzuetako suhiltzaileei) azkar alta emateko.
  • Informazio geografikoko geruzak gehitzea, iturri propioetakoak zein publikoetakoak, formatu estandarretan: oinarrizko geruza batzuetatik abiatuta, eta larrialdian zehar geruza berriak gehitzeko aukerarekin.
  • Mapan bertan jarduketak irudikatzeko eta lerroak marrazteko aukera ematea.
  • Lur-eremuaren 3D ikuspegia eskaintzea, orografia hobeto ulertzeko.
  • Informazioaren sinbologiari eta irudikapenari buruzko indarreko araudia betetzea, eta araudi horretan izan daitezkeen aldaketetara egokitzea.
  • Informazioa esportatzeko aukera ematea, hainbat formatutan (PDF, KML, etab.).
  • Erraz ezartzeko eta probatzeko modukoa izatea ingurune independente batean, eta etorkizunean beste sistema batzuekin integratzeko gaitasuna izatea.
  • Beste esparru batzuetara eskalatzeko modukoa izatea (adibidez, ehiza-uxaldien kudeaketa) eta merkatuan hazteko potentziala izatea.

 

 

NORENTZAT DA?


GovTech Araba Programaren barruko erronkak irtenbide berritzaileak eskain ditzaketen oinarri teknologikoko Arabako enpresa berriei zuzenduta daude.

Oinarri teknologikoko enpresa berritzat hartzen ditugu Arabako Foru Aldundiaren eskumenen esparruan ezar daitezkeen irtenbide digitalak dituzten Lurraldeko startup, scaleup eta ETE guztiak.

 

 

ZEINTZUK DIRA PARTE HARTZEAREN ONURAK ETA AUKERAK?


Lurraldeko startup, scaleup edo ETE teknologikoa bazara eta erronkaren irabazle gisa hautatzen bazaituzte, irtenbidea AFAko eta CCASAko taldearekin batera sortzeko eta probatzeko aukera izango duzu 5 hilabetez, 15.000 € + BEZ baino gutxiagoko kontratu batekin.

Gainera, hiru enpresa finalistek HUB Arabaren barruko hainbat jardueratan hartuko dute parte: prestakuntza-Bootcamp bat, AFAko langile publikoen aurreko Pitch saio bat eta Administrazio Publikoarekiko hurbilketa komertziala hobetzeko mentoretza-programa bat.

 

 

HURRENGO URRATS ETA MUGARRI NAGUSIAK


  • Azaroa-abendua: Deialdia zabalik irtenbide-proposamenak aurkezteko, Programaren webgune ofizialean izena emanda (abenduaren 7a).
     
  • Urtarrila: 3 irtenbide/enpresa berri finalistak hautatzea eta enpresa finalistei elkarrizketak egitea Ebaluazio Batzordearekin batera, eta irtenbide irabazlea hautatzea.
     
  • Otsaila: Kontratua sinatzea, eta Zuzendaritzak eta CCASAk pilotua abiarazteko behar den hasierako informazioa zehaztea.
     
  • Otsaila-ekaina: 5 hilabeteko pilotua garatzea.
     
  • Otsaila-ekaina: Enpresa finalistentzako HUBeko jarduerak antolatzea: prestakuntza-Bootcamp bat eta etengabeko mentoretza-zerbitzu bat.
     
  • Ekaina: Pilotua ixtea, adierazleak, emaitzak eta ikasitakoa berrikustea eta irtenbidea eskalatzeko aukera aztertzea kontratazio publikoaren bidez (lizitazioa).

 
 

ORAINGO FASEA

Erronkak zabaltzea
Azaroa

Konponbideen aurkezpena 2026/12/7ra art

 

IZENA EMAN

Kontaktua

Edozein zalantza edo kontsulta izanez gero, bidali mezu bat govtech@araba.eus helbidera.