Eduki publikatzailea

ERRONKA Eskola-kirola 2026

Nola automatiza genezake eskola-kirolaren lehiaketetarako autobus-eskaeren kudeaketa, eta nola optimiza genitzake zerbitzuen konbinazioa eta ibilbideen eta zerbitzuen plangintza, administrazio-karga arinduz eta eskura ditugun baliabideei etekin handiagoa sortuz?

TESTUINGURUA ETA AURREKARIAK


Astero, Lurraldeko ikastetxeek eta klubek eskola-kirolaren lehiaketetara joateko asteburuko joan-etorrietarako behar dituzten autobusak eskatzen dituzte. Batez beste, astean 65 bat eskaera jasotzen dira, eta horiek 20.000 neska-mutil ingururi eragiten diete, bai eta, ondorioz, haien familiei ere. Eskaeretan, besteak beste, jatorriko herria eta irteera- eta iritsiera-orduak jasotzen dira, eta CUDE plataformaren bidez izapidetzen dira.

Eskaera guztiak asteazkenean iristen dira, eta asteazkenetik ostiralera bitartean ebatzi behar dira, larunbateko zerbitzua bermatzeko. Arabako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzako (aurrerantzean, AFA) talde teknikoak eskuz egiten ditu ordutegien, daten eta ibilbideen plangintza eta joan-etorrien taldekatzea, autobus bakoitzaren edukiera ahalik eta gehien aprobetxatzeko; izan ere, ibilbide batzuk bat datoz, eta horri esker hainbat taldek ibilgailu bera parteka dezakete. Lan hori guztia denbora-tarte oso laburrean pilatzen denez, botila-lepo operatiboa sortzen da, baita administrazio-karga handia ere, zeregin errepikakorrak baitira (adibidez, tresna batetik bestera datuak esportatu eta inportatzea). 

Testuinguru horretan, AFAk, eskaera jasotzen den unetik aurrera, asteburuko eskaeren kudeaketa automatizatzeko eta autobusen konbinazioak optimizatzeko irtenbide bat behar du. Helburua da administrazio-karga arintzea, eskura dauden baliabideak hobeto aprobetxatzea eta erabiltzaileei erantzun azkarragoa ematea. 

Erronka honen bidez, teknologia berrietan oinarritutako irtenbide bat pilotatuko da 5 hilabetez, ingurune operatibo mugatu batean. Irtenbidea modu independentean ezarriko da, CUDEn esku hartu gabe, ezta beste tresna korporatiboetan ere.

 

 

HELBURU ESPEZIFIKOAK


  • Asteburuko autobus-eskaeren kudeaketa automatizatzea, eskaerak jasotzen diren unetik bertatik.
  • Autobusen konbinazioak optimizatzea, bat datozen ibilbideak modu eraginkorrean taldekatuz.
  • Administrazio-karga arintzea Kirol Zuzendaritzako langile teknikoei, eskuzko zereginak kenduta (adibidez, datuak esportatu eta inportatzea).
  • Erabiltzaileei eskaerei buruzko erantzuna arinago ematea, eskaerak ebazteko eta esleitutako autobusak jakinarazteko epeak laburtuta; izan ere, zerbitzu honek eragin zuzena du familia askorengan eta neska-mutilengan.
  • Eskura dauden baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzea, eta asteazkenetik ostiralera bitarteko kudeaketa bizkortzea.

 

 

IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK. ZER EGIN BEHAR DU IRETENBIDEAK?


  • Prozesua eskaera jasotzen den unetik landu behar du, betetako formularioa abiapuntu hartuta eta CUDE tresna korporatiboan esku hartu gabe.
  • Autobusen konbinazioak optimizatzeko aukera eman behar du, ordutegiak, datak, ibilbideak eta bat datozen joan-etorriak kontuan hartuta.
  • Balioa eman behar du kudeaketa automatizatuz, langile teknikoen administrazio-karga murriztuta.
  • Zerbitzuaren asteko egutegira egokitu behar du, kontuan hartuta asteazkenetan jakinarazten zaiela ikastetxeei zer autobus dituzten eskura.
  • Erraz ezartzeko eta probatzeko modukoa izan behar du ingurune independente batean, eta datu pertsonalik edo sentikorrik ez duten datuekin soilik lan egin behar du.
  • Garraioa planifikatzeko beste esparru batzuetara eskalatzeko modukoa izan behar du, eta merkatuan hazteko ahalmena izan behar du.

 

 

NORENTZAT DA?


GovTech Araba Programaren barruko erronkak irtenbide berritzaileak eskain ditzaketen oinarri teknologikoko Arabako enpresa berriei zuzenduta daude.

Oinarri teknologikoko enpresa berritzat hartzen ditugu Arabako Foru Aldundiaren eskumenen esparruan ezar daitezkeen irtenbide digitalak dituzten Lurraldeko startup, scaleup eta ETE guztiak.

 

 

ZEINTZUK DIRA PARTE HARTZEAREN ONURAK ETA AUKERAK?


Lurraldeko startup, scaleup edo ETE teknologikoa bazara eta erronkaren irabazle gisa hautatzen bazaituzte, irtenbidea AFAko eta CCASAko taldearekin batera sortzeko eta probatzeko aukera izango duzu 5 hilabetez, 15.000 € + BEZ baino gutxiagoko kontratu batekin.

Gainera, hiru enpresa finalistek HUB Arabaren barruko hainbat jardueratan hartuko dute parte: prestakuntza-Bootcamp bat, AFAko langile publikoen aurreko Pitch saio bat eta Administrazio Publikoarekiko hurbilketa komertziala hobetzeko mentoretza-programa bat.

 

 

HURRENGO URRATS ETA MUGARRI NAGUSIAK


  • Azaroa-abendua: Deialdia zabalik irtenbide-proposamenak aurkezteko, Programaren webgune ofizialean izena emanda (abenduaren 7a).
     
  • Urtarrila: 3 irtenbide/enpresa berri finalistak hautatzea eta enpresa finalistei elkarrizketak egitea Ebaluazio Batzordearekin batera, eta irtenbide irabazlea hautatzea.
     
  • Otsaila: Kontratua sinatzea, eta Zuzendaritzak eta CCASAk pilotua abiarazteko behar den hasierako informazioa zehaztea.
     
  • Otsaila-ekaina: 5 hilabeteko pilotua garatzea.
     
  • Otsaila-ekaina: Enpresa finalistentzako HUBeko jarduerak antolatzea: prestakuntza-Bootcamp bat eta etengabeko mentoretza-zerbitzu bat.
     
  • Ekaina: Pilotua ixtea, adierazleak, emaitzak eta ikasitakoa berrikustea eta irtenbidea eskalatzeko aukera aztertzea kontratazio publikoaren bidez (lizitazioa).

 
 

ORAINGO FASEA

Erronkak zabaltzea
Azaroa

Konponbideen aurkezpena 2026/12/7ra arte
 

IZENA EMAN

Kontaktua

Edozein zalantza edo kontsulta izanez gero, bidali mezu bat govtech@araba.eus helbidera.