Eduki publikatzailea

ERRONKA Gizarte politika 2026

Nola lagun diezaiekegu familiei modu digitalean senide bat Arabako Foru Aldundiaren egoitza batean sartzeko prozesuan, egoitzaren zerbitzu, prestazio eta baliabideei buruzko informazio argia eta hurbila emanez, ziurgabetasuna murrizteko eta bereziki delikatua den trantsizio horri aurre egiteko?

TESTUINGURUA ETA AURREKARIAK


Adineko pertsona bat egoitza batean sartzea trantsiziorik delikatuenetako bat da, bai pertsonarentzat berarentzat, bai bere familiarentzat. Ez da aldi baterako egonaldi gisa ikusten, pertsonak bere azken urteak igaroko dituen leku gisa baizik, eta familiengan zalantzak, ondoeza eta dolu-prozesuak sor ditzake, baita senidea bertan behera uzten ari direlako sentipena ere. Horri gehitu behar zaio bizi-itxaropena luzatzeak erabiltzaileen profila aldatu duela: gaur egun, egoitzetara sartzen direnek narriadura kognitiboa eta II. edo III. graduko mendekotasuna izan ohi dute.

Gaur egun, egoitza-plaza bat lortzeko prozesu egituratu bat dago: mendekotasunaren balorazioa, banakako plana egitea, pertsonaren beharren araberako baliabideak eta/edo prestazioak eskaintzea, eskubidea aitortzea eta plaza hutsak esleitzeko zerrendan sartzea. Egoitza-zentro batean plaza esleitzen zaionean, pertsona egoitzan sartzen da eta sei hilabeteko egokitzapen-aldia hasten da. Aldi berean, sarrera aurreko eta sarrerako elkarrizketak egiten dira familiekin eta erabiltzaileekin. Elkarrizketa horietan, egoitzaren zerbitzuak azaltzen dira, eta, batzuetan, beste egoiliar batzuen senideek beren esperientzia kontatzen dute eta zalantzak argitzen laguntzen dute. Ibilbide osoan zehar (erabakia, itxaronaldia, sarrera eta egokitzapena) familiek jakin behar izaten dute nolakoa izango den beren senideari emango zaion arreta.

Erronka hau GIZAREA ereduaren barruan kokatzen da. Harremanetan Oinarritutako Arretaren eredu hau Arabako Foru Aldundiak (aurrerantzean, AFA) sustatzen du Gizarte Politiken Sailaren bidez, bere egoitza-zentroetako arretaren kalitatea hobetzeko, bai adinekoen zentroetan, bai desgaitasuna duten pertsonen zentroetan. Ereduaren ideia nagusia da arretaren kalitatea ez dagoela prozeduren edo baliabideen mende soilik, baizik eta erabiltzaileen, profesionalen eta familien arteko harremanen kalitatearen mende, baita zaintzan zehar guztiak nola sentitzen diren ere. Esparru horretan, eredua zentroetan ezartzeko lana egin da ikerketa apreziatiboaren metodologiarekin, indarguneetatik eta dagoeneko ondo funtzionatzen duenetik abiatzen dena. Horrez gain, hainbat tresna erabili dira: Sentsazioen Esparrua, arreta pertsonek bizi dituzten esperientzietara bideratzen duena, eta kalitate-taldeak, non profesionalek, erabiltzaileek eta familiek parte hartzen duten hobekuntzak bultzatzeko eta haien jarraipena egiteko.

Testuinguru horretan, AFAk irtenbide teknologiko bat bilatzen du familiei sarrera- eta egokitzapen-prozesuan laguntzeko, egoitzako zerbitzu, langile eta baliabideei buruzko informazio argia eta hurbila emanez (instalazioak eta espazioak, jarduerak, elikadura, zaintzak eta bisita-araubidea, besteak beste), haien ziurgabetasuna murrizteko. Irtenbide horrek GIZAREAren osagarria izan behar du: familien eta talde profesionalen arteko harremana indartu eta taldeek dagoeneko egiten duten harrera-lana babestu behar du, inola ere giza harremana ordezkatu gabe eta egoiliarren intimitatea zainduz.

Erronka honen bidez, irtenbide teknologiko berritzaile bat pilotatuko da 5 hilabetez, ingurune operatibo mugatu batean, AFAko Gizarte Politiken Saileko taldearekin batera.

 

 

HELBURU ESPEZIFIKOAK


  • Familien ziurgabetasuna murriztea sartzeko erabakia hartzean eta itxaronaldian, egoitzari eta haren zerbitzu eta baliabideei buruzko informazio argi, hurbil eta eguneratuaren bidez.
  • Familiei laguntzea sarreran eta egokitzapen-aldian, egoitzako eguneroko bizitza ezagutu dezaten: instalazioak eta espazioak, jarduerak, elikadura, zaintzak eta bisita-araubidea, besteak beste.
  • Familien, egoiliarren eta talde profesionalen arteko harremana indartzea hasieratik bertatik, GIZAREA ereduarekin bat etorriz.
  • Talde profesionalen harrera-lana osatzea (elkarrizketak, bisitak eta beste familia batzuen testigantzak), zalantzak argitzea erraztuz.
  • Egoiliarren intimitatea eta duintasuna zaintzea.

 

 

IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK. ZER EGIN BEHAR DU IRETENBIDEAK?


  • Egoitza batean sartzen diren edo sartuko diren pertsonen familiei zuzenduta egon behar du, hizkuntza argi, hurbil eta irisgarria erabiliz, emozionalki delikatua den une horretara egokituta.
  • GIZAREA ereduarekin koherentea izan behar du eta eredu hori osatu, haren printzipioekin bat etorriz (harremana arretaren ardatz gisa, familien eta profesionalen erantzukidetasuna, inplikatutako pertsona guztien ongizatea), eta talde profesionalekiko harreman zuzena ordezkatu gabe.
  • Egoiliarren pribatutasuna bermatu behar du, bai eta datuak babesteko araudia betetzen dela ere, bereziki bideoetan, irudietan edo ibilbide birtualetan.
  • Edukiak modu errazean eguneratu ahal izan beharko dira.
  • Ingurune mugatu batean erraz ezartzeko eta probatzeko modukoa izan behar du.
  • Beste egoitza batzuetara eta beste arlo batzuetara (haurrak eta familia, esku-hartze soziala edo desgaitasuna duten pertsonak) eskalagarria izan behar du, eta merkatuan hazteko ahalmena izan.

 

 

NORENTZAT DA?


GovTech Araba Programaren barruko erronkak irtenbide berritzaileak eskain ditzaketen oinarri teknologikoko Arabako enpresa berriei zuzenduta daude.

Oinarri teknologikoko enpresa berritzat hartzen ditugu Arabako Foru Aldundiaren eskumenen esparruan ezar daitezkeen irtenbide digitalak dituzten Lurraldeko startup, scaleup eta ETE guztiak.

 

 

ZEINTZUK DIRA PARTE HARTZEAREN ONURAK ETA AUKERAK?


Lurraldeko startup, scaleup edo ETE teknologikoa bazara eta erronkaren irabazle gisa hautatzen bazaituzte, irtenbidea AFAko eta CCASAko taldearekin batera sortzeko eta probatzeko aukera izango duzu 5 hilabetez, 15.000 € + BEZ baino gutxiagoko kontratu batekin.

Gainera, hiru enpresa finalistek HUB Arabaren barruko hainbat jardueratan hartuko dute parte: prestakuntza-Bootcamp bat, AFAko langile publikoen aurreko Pitch saio bat eta Administrazio Publikoarekiko hurbilketa komertziala hobetzeko mentoretza-programa bat.

 

 

HURRENGO URRATS ETA MUGARRI NAGUSIAK


  • Azaroa-abendua: Deialdia zabalik irtenbide-proposamenak aurkezteko, Programaren webgune ofizialean izena emanda (abenduaren 7a).
     
  • Urtarrila: 3 irtenbide/enpresa berri finalistak hautatzea eta enpresa finalistei elkarrizketak egitea Ebaluazio Batzordearekin batera, eta irtenbide irabazlea hautatzea.
     
  • Otsaila: Kontratua sinatzea, eta Zuzendaritzak eta CCASAk pilotua abiarazteko behar den hasierako informazioa zehaztea.
     
  • Otsaila-ekaina: 5 hilabeteko pilotua garatzea.
     
  • Otsaila-ekaina: Enpresa finalistentzako HUBeko jarduerak antolatzea: prestakuntza-Bootcamp bat eta etengabeko mentoretza-zerbitzu bat.
     
  • Ekaina: Pilotua ixtea, adierazleak, emaitzak eta ikasitakoa berrikustea eta irtenbidea eskalatzeko aukera aztertzea kontratazio publikoaren bidez (lizitazioa).

 
 

ORAINGO FASEA

Erronkak zabaltzea
Azaroa

Konponbideen aurkezpena 2026/12/7ra art

 

IZENA EMAN

Kontaktua

Edozein zalantza edo kontsulta izanez gero, bidali mezu bat govtech@araba.eus helbidera.